Joseba Irazoki zuzenean

KONTZERTUAREN KRITIKA
Maiatzak 6, ortzirala

Joan den maiatzaren 6an Joseba Irazokik bere proiektu berria aurkeztu zigun Katakun. Guk Joseba "gitarra ta bonbo" Irazoki jarri genuen kartelean, hori baitzen genuen erreferentzia bakarra. Kontzertuaz gozatu ondotik gauza aunitzez gehiago daude errateko. Kasu honetan emanaldian izan zen lagun batek (E. Jori ezizenez sinatzen du) idatzi du kronika eder hau www.musikazuzenean.com web orrialdean. Guk hemen kopiatu dugu.



Kronika eta oztiyak! Hara nik zer aditu eta ikusi nuen;


Joseba Irazoki ezagutzen duenak badaki zer nolako musikaria den. Gitarra ongi baino hobeki menderatzen du, teknika soberan… eta adierazmena (espresioa) eta sormena ederki. Musikari honek hainbat proiektu dituenez, entzule gehienok ez genekien Kataku ostatuko kontzertuan zer adituko genuen. 
Bezperan Arrasaten jo ondotik, batik-bat jende ezaguna edo hurbilekoa Berako ostatuan; lagunak, adiskideak, musikariak eta zaleak, tabernazaleak.


















“Joseba Irazoki, gitarra ta bonbo”. Horrelaxe aurkeztu zuten kontzertua. Lehenbiziko zatian gitarra, ahotsa eta bonboaren soinuak aditu ditugu batik-bat. Distortsio handirik gabe, soinu gozoak, soka bakoitzaren tentsioa airean sumatu dugu. Ahotsa ere ederki, ingelesez oraingoan; hitz gutti batzuk bakarrik ulertzen ditut ingelesez… baina bost axola; musikaria jostetan ibili da ahotsaren bolumenarekin, ahots-kolpeekin, isiluneekin, doinuarekin edota hizkuntzaren soinuekin. Modu horretan hiruzpalau kantu eder jo ditu; soinua ona, giro ederra musikariaren eta entzuleen artean. Gehiago, faborez!


















(Josebak etena egin du, atsedena, kanpoan zigarroa erretzeko; indarrean den legeari “esker”, ostatuan bi katu. Jendea non? Nola ez, atarian, zigarroa erre eta solasean)



Bigarren zatia; 12 sokako gitarrarekin agertu da Joseba, irriz. Hasieran belarriarentzat gogorra egin da distortsiorako aldaketa, gainera, gitarra berezi horren afinaziora edo soinura ez gaude ohituak. Sonoritate berezia. 
Poliki-poliki, berriz ere kontzertuan buru-belarri sartu gara, soinua barneratu dugu, afinazioan arazorik ez. Gitarraren doinuak ez dira arruntak, jotzeko modua ere apartekoa da… ona! Sokak tentsatu, airean jo, distortsioa + zenbait pedal eta efektu…
























Umoretik jo du musikariak, edo umoretsu gaude bertzela gu; Hiru Truku taldeak jotzen duen “Zazpi nobio” abestiaren moldaketa aditu diogu Josebari, Bob Esponjari (sic) keinuka egin dion bertze bat ere bai… gitarra jolea nolabaiteko estiloa eraikitzen ari da bere ibilbidean, kanta bakoitzak giro batean murgildu gaitu; jendea txaloka, kontent eta gustura, Joseba hazi da, nola ez; inprobisaziotik, esperimentaziotik, folketik, rock-etik… mila iturritatik edan du eta edaten du musikari nafarrak; kanturen batean punteoaren arrastoa aditzen da, baina ez dago punteo naxkagarririk… 
Axeri Dantza doinu tradizionala jo al du? Bai, ta gainera entzuleak dantzara gonbidatzen ditu. “¡Me vuelves loco!” lelo zirikatzailea; tabernariak ere erotzen du Joseba. 






















Bukaera aldera entzun ditugu horrelakoak, Josebaren estiloa osatzen duten bertze perletako bat: expantuk. Musikaria harro eta pozik, gustura, entzuleak zirikan. Jendea ajarika,  txaloka, Joseba, ez isildu, segi jotzen.

Bukatu baino lehen, txalo zaparrada beroaren ondotik… Laboaren doinuen oihartzuna. Bat-batean sortu da kantu-elkarrizketa publikoko neska batekin, izan ere, Lizardi-ren bertsioak jendearen barrena ukitzen du... 

Hortaz… zer? Musikaria zoriondu, egiten ari den ibilbidearekin gozatua hartu; eta horrelako kontzertuak aditzeko aukera ematen diguten tabernari, teknikari eta antolatzaileei eskerrak eman.



























Brrrrr, bbzzzzzz, ffffiii…… hurrengo arte, Joseba ta bonbo.




TESTUA: E. Jori     
ARGAZKIAK: Asier Gogortza


2 comments: